XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

...: zein itzulpen irizpide erabili dituen, bere garaian nagusi ziren irizpideak, zer asmorekin egina den itzulpena, nola konjugatzen eta elkarretara batzen diren Jainkoaren hitzarekiko errespetoak itzultzaileari eskatu izan dion literaltasuna eta pastoraltzarako erabilerak eskatzen duen hizkuntz egokitasun eta dotorezia; eta itzulpenaren errealitateak: zein euskalkitara itzuli den, zeintzuk izan diren itzulpenerako erabili diren jatorrizko testuak eta testu lagungarriak, zenbateraino bete diren itzultzailearen iritziak.

Horrek guztiak lan monografiko ugari eskatzen du Bibliaren euskarazko itzulpenaren historiari serio heldu aurretik.

Lan monografiko horietako bat, eredu bezala har litekeena, Iñigo Ruiz Arzalluz jaunak oraintsu Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo-n argitaratua da: Notas sobre algunas traducciones vascas del Nuevo Testamento (1).

Beronetan James Barr-ek landu duen tipologia batetan oinarriturik (2) Haraneder, Harriet eta Duvoisinen itzulpen moduaren eta jatorrizko testuarekiko duten leialtasunaren azterketa bat egiten du, San Mateoren ebanjelioaren itzulpenean oinarri artuta batez ere.

Orain aurkezten dugun lan honi dagokionez, egin diren itzulpenen analisi zehatzetan oinarritu ezinez, Euskarazko Bibliaren historia osatu duten itzulpen eta itzultzaileez dauden testigantzetan oinarritu dugu, eta haien bilketa, sailkapen eta konfrontaziora mugatu, hain zuzen.

Zentzu horretan, eta muga horien barruan hartu behar da beraz artikulu hau, eta beti eduki kontutan, ahaztu gabe, itzultzailearen irizpideak gezurta litzakeela, eta oso maiz gezurtatzen dituela gezurtatu ere, itzulpenak berak.

Zerbaiten ustean besterik egin, sarri gertatzen bada, itzulpenean are usuago bait da gertatzen.